19/09/2022

Mugikortasunaren Europar Astea

Mugikortasunaren Europar Astea itzuli da ‘Konexio hobeak‘ lemapean. Mugikortasun aktiboa, garraio publikoaren erabilera eta mugikortasun jasangarriko soluzioak erdigunean jarriko ditu sentsibilizazio kanpainak. Tokiko eta eskualde mailako garraio eta mugikortasun agintaritza andanak hartuko du parte Euroeskualdearen lurraldean, eta asteak irailaren 16tik 22ra iraungo du.

Intermodalitateak hauspotuta, Akitania-Berria eskualdeak garraio txartelen prezioa euro bakarrera jaitsi du. Horrela, eskualde barneko hiri arteko autobus joan etorrietan, txartel sinpleak 1€ balio du eta bidaiak irailaren 16tik 22ra egin daitezke prezio horretan. Bidai-txartela eskuratzeko, Akitania-Berria eskualdeak propio egokitutako Ticket Modalis sakelako aplikazioaren bitartez egin behar da eskaera. Eskualdeko TER trenei dagokienez, TER Nouvelle-Aquitaine web guneak tren bidai txartelak eskaintzen ditu, zeinak beranduenik bidaiaren bezperan eros daitezkeen.

Akitania-Berriak martxan jarritako beherapen hauek bat datoz Euskadin eta Nafarroan ezarri diren garraio-txartelen beherapenekin, zeina irailaren 1etik abenduaren 31ra indarrean dauden.

Gauzak horrela, mugikortasunaren astean zehar, Euroeskualdeko lurraldetik mugitzeak abantaila ugari dakartza. Izan ere, MUGI, BAT edo BARIK bezalako bidai txartelek Euskotreneko mugaz gaindiko linean %50eko deskontuarekin bidaiatzea ahalbidetzen dute. Hendaiara iritsiz gero, Akitania-Berrian mugitzeko eskualde trenak soilik euro batean dira. Gainera, Donostiako aldirien sarean, bidaia anitzeko bonuak Irungo geltokira doan iristea ahalbidetzen du, mugaldeko mugikortasuna nabarmen sustatuz.

Ekintza ezberdinak lurraldean

Gipuzkoan, MUGI bidai txartelaren erabiltzaileek zozketetan parte hartu ahal izango dute lurraldean 20 euroko bonuak eskuratzeko. Informazio gehiagorako, egin klik hemen.

Gasteizen, irailaren 22an tranbian, BEIn zein hiriguneko autobusetan bidaiatzea doakoa izango da.

Bordeleko hirigune metropolitanoan, irailaren 23an “Ze mugikortasun gaur egungo gazteriarentzat?” konferentzia antolatuko da, eta irailaren 25ean ‘Vélotour’ txangoa burutuko, bizikletaz irisgarriak ez ziren guneetara iristea baimenduko duena.

Mugikortasunaren Europar Asteak dakarrenari heltzeko, Europar Batzordeak Mobility Week web gunea berrabiarazi du, zeinetan hiri eta eskualde ezberdinetan egingo diren jarduera espezifikoak katalogatuta ageri diren.

Gozatu mugikortasun asteaz!