08/07/2022

San Fermin itzuli da

 

Bor-bor dabil Nafarroako hiriburua. Bi urte dira pandemiak eragindako murrizketek San Ferminak bertan behera utzi behar izan dituztela eta indartsu berrabiatu dira festak behinik behin. Uztailaren 6tik 14ra oso festa jendetsuak direla jakinik, nola iris gaitezke Iruneara?

Garraio publikoan iristea gomendatzen da.

Akitania-Berritik zein Euskadiko lurraldeetatik Iruneara iristeko, mugikortasun irtenbide ugari daude. Adibidez, Gasteiztik Renfe-k ustiatzen dituen Media Distancia zerbitzuak areagotu dira. Era berean, La Union autobus operadoreak Arabako eta Nafarroako hiriburuak batzen ditu eta bidai txartelak 9,60 € balio du. Bidaiaren iraupena ordu eta erdi pasatxokoa da. EAEko beste lurraldeetatik aldiz, aukera ezberdinak daude. Alde batetik, distantzia luzeetako trenbide zerbitzuak Gipuzkoako hegoaldea Sakanako eskualdea eta Nafarroa erdigunearekin konektatzen dute. Bidai txartelaren prezioak aldakorrak dira jatorri eta helmugaren arabera, eta tren zerbitzu guztiak gaur gaurkoz Renfek eskaintzen ditu azpiegitura horren gainean.

Bestalde, Bidasoaren iparraldetik doazenentzat, garraio publikoa murritzagoa da, eta ezinbestean Irunen eta Donostian egin behar dira geldialdi zein aldaketa gehienak. Esaterako, La Burundesak Nafarroa iparraldean ustiatzen duen zerbitzuari esker, Irun eta Irunea bitarteko txartelak 9 euro balio du. Kasu! Autobus bakarra dago egunero eta hura goizeko 8:00etan abiatzen da.

Nafarroako lurraldetik Iruneara joan nahi izanez gero, Nafarroako gobernuak NBus hiri-arteko lineak kudeatzen ditu, beraz zonaldekako kontsulta egitea aholkatzen da.

Eta nola ez, Iruneako hirigunean zehar joan etorriak egiteko, Irunerriko Mankomunitatearen Villavesa autobus zerbitzuak erabiltzea biziki gomendatzen da. Urtero legez, hiriguneko linea gehienak etengabeko zerbitzua izango dute. Informazio gehiagorako, egin klik hemen.

Hiriguneko aparkaleku sisteman aldaketak

San Fermin testuinguruan jai-gunearekiko leku gertuenetan aparkatzeko modalitate bakarra ezarri da. Hortaz, Iruneako gune laranja da errespetatu beharreko aparkaleku modalitatea, eta gune urdin, berde eta gorriak ezabatu dira uztailaren 14a bitarte eta hura barne.