Gaurkotasuna,Non classé

Autobusa, mugaz bi aldeetako eskaintza

10 mai , 2016  

Euroeskualdearen helburua da herritarren mugaz gaindiko mugikortasuna hobetzea. Horrek esan nahi du bidaiariei ahalik eta informazio gehien ematea, trenen loturak hobetzea eta euskal Y-aren azterketak martxan jartzea, eta, 2014az geroztik, baita autobus-garraioa garatzea ere. Tren-zamaren hausturari irtenbidea eman arte, erabiltzaileek baloratutako aukera eraginkorra eta ekonomikoa da autobusa

Ohitura desberdinak autobusa erabiltzean

Mugaren hegoaldean, autobusa oso aukera erabilia da, nahiz eta trenbide-sare zabala eta eraginkorra dagoen. Garraiobide bakoitzak garrantzi desberdina du, lurraldearen, jatorrien eta helmugen eta erabiltzaileen arabera. Gipuzkoan, Lurraldebus (hiriarteko autobus-sare publikoa) aukera eraginkorra da, eta urtez urte, gero eta jende gehiagok erabiltzen du. Sare hori konpainia pribatuekin osatzen da, zeinek, funtsean, distantzia ertaineko eta luzeko joan-etorriak egiten dituzten. Iparraldean, autobusa askoz gutxiago erabiltzen da, bertako kultura dela eta. Alabaina, 2005ean Macron legea sartu zen indarrean, eta, orduz geroztik, egoera aldatuz joan da, pixkanaka. Lege horren ondorioz, merkatua ireki da, eta horrek eskaintza-saldoa ekarri digu. Eskaerak bide berdina jarraitu ez duen arren, badirudi garraiobidea eskualdean egonkortuz doala poliki-poliki. Hala, Akitanian hainbat konpainia aurki ditzakegu, besteak beste: Ouibus, Isilines, Starshipper, Megabus eta Flixbus. Momentuz, konpainia bakarrak gurutzatzen du muga.

Ezagutu gure txartel-konparadorea hemen

Mugaz beste aldeko espazioa, mundu berezi bat

Mugaz beste aldean, konpainiek ez dute Macron legerik behar, autobus bidezko garraio “internazionala” baimenduta baitzegoen dagoeneko (aurrez zehaztutako hainbat irizpideren eta eskaeraren arabera). Ildo horretatik, badira bi konpainia nagusi, batik bat Baiona/Biarritzen eta Donostiaren arteko joan-etorriei dagokienean. Horietako bat Pesa dugu. Konpainia historikoa da Gipuzkoan, eta Lurraldebusen hainbat linea eta Bilboko aireportuaren eta Donostiaren arteko garraioa ustiatzen ditu. Bestetik, Conda dago. Konpainia nafarra da berez, baina Alsa konpainia nazionalak erosi zuen. Alsa, era berean, National Express taldearen parte da. Conda, Nafarroan presentzia handia izateaz gain, Iparraldeko hainbat herritara iristen da (Donibane Garazi, esaterako). Horrez gain, konpainia berrien sorrerak lehiakide berriak ekarri dizkie konpainia historikoei. Horren adibide dugu Starshipper, tokiko autobus-konpainiekin elkarlanean aritzen dena, Bordele eta Toulouse Donostiarekin lotzen dituzten lineak ustiatzeko.

Eskaintza guztiak hemen

Konexioekin burua hausten

Mugaz gaindiko eskaintza horiei guztiei esker, 45 minututan irits gaitezke Biarritzeko aireportutik Donostiara, 5 eta 8 euro bitartean ordainduta (sasoiaren eta konpainiaren arabera). Hortaz, konexioak benetan eraginkorrak dira. Dena dela, mugaren efektua murriztu den arren, bada disimetria bat, lehen esan dugun bezala. Geralekuen arloan nabaritzen da, bereziki: hegoaldeko herri nagusi gehienek autobus-geltokia daukate (txikiagoa ala handiagoa); iparraldean, aldiz, azpiegitura horiek urriak dira. Izan ere, gaur egun arte, autobus-zerbitzuak kasuan kasu kudeatu dira, eta ez da inolako ikuspegi orokorrik landu. Mugaz gaindiko lankidetzari esker, hegoaldean nola aritzen diren beha eta azter dezakegu, eta, horrela, iparraldeko egoera hobeto ulertu. Eta horixe da, hain zuzen, hurrengo 18 hilabeteetarako ezarri dugun helburuetako bat.

Konpainia bakoitzaren geralekuak ikusi

Jarraitu beharreko bi eredu

Gure hausnarketa oinarritu nahian, bi euskal hiriburutako autobus-geltokiak bisitatu ditugu: Donostia eta Iruña. Lehena duela gutxi eraiki da, eta 2016ko otsailean ireki berri dute. Bigarrenak, ordea, aspaldi funtzionatzen du nafar hiriburuan (Espainiako autobus-geltokirik onenaren saria jaso zuen 2011n). Kasu bietan, nahiz eta geltokiak desberdinak izan, antzeko logika aplikatu dute, eta aintzat hartzekoak dira biak. Bi geltokiak lurpean daude, erosoak eta praktikoak dira, eta autobusak erraz iristeko moduan diseinatu dira. Traba bakarra litzateke bietako batek ere ez duela bidaiarientzako informazio intermodalik. Baina irudi batek hamaika hitzek baino gehiago balio duela esan ohi dute…


Iruñako autobus-geltokia, Nafarroa


Donostiako autobus-geltokia, Gipuzkoa


...